XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Azkenean lagun biak bakar-bakarrik geratu ziren, egongelako sofa handian bata bestearen ondoan jezarrita.

Isiltasun itzel hark beldurra eman zion Txemari eta zeozer esatearren zera galdetu zion Edurneri:

- Telebista piztuko dugu?

- Bueno.

Botoi bat sakatu zuen Txemak, ausaz, eta berriro Edurneren eskuinaldean jezarri zen, egongelako sofa handi eta eroso hartan.

Teletienda programa ematen ari ziren eta aurkezlea, amantal zeharo zatarra jantzita zeukan gizon berritsu bat, entsaladak egiteko tramankulu berezi baten funtzionamendua erakusten hasi zen une hartan.

- Ja, zelako amantala! esan zuen Txemak, baina Edurnek ez zion ezer erantzun.

Eta lagun biek aurkezleak letxuga zelan txikitzen zuen ikusi zuten, adi-adi.

Gero Txemak, eztul txikia egiteaz batera, ezker eskuko atzamarren puntaz buruan hatz egin eta besoa hormaren kontra luzatu zuen.

Edurneren atzetik baina ukitu barik.

Beronek orduan zera esan zuen:

- Txema.

- Zer?

- Beste ezer nahi duzu?

- Ez, eskerrik asko.

Aurkezleak tomate eta tipulekin jarraitu zuen entsaladaren prestaketa.

Edurne berriro mintzatu zen:

- Txema

- Zer?

- Ziur zaude ez duzula beste ezer nahi?